Opor egonaldiak euskaraz
Mugitu, deskubritu, jende berria ezagutu eta esperientzia berriak bizi nahi dituzu, eta hori guzia euskaraz? Egonaldi hauek zuretzat dira!
Helburuak
Euskararen sozializazioa, aisialdiaren bidez
EUSKARAren bidezko sozializazioa eta transmisioa. Haur eta gazteek euskarazko aisialdiaz gozatzea, lagunartean harreman berriak sortzea eta euskaldun gisa ahalduntzea.
Euskararen lurraldeak
EUSKARAren lurralde desberdinak ezagutu, eta bertako biztanleekin trukatu. Euskara guztiak euskalkia izan edo batua izan erabilgarriak direla bermatu.
Bizikidetza eta elkartasuna
Eguneroko bizikidetzan adiskidetasuna eta elkartasuna bermatzea, Ipar Euskal Herriko haur eta gazte euskaldunen artean euskaren erabilera sustatzearekin batera.
Berdintasuna eta errespetua
Genero-estereotipoei eta rolei aurre egiten dieten berdintasunezko eta errespetuzko jarrerak sustatzea.
Ingurumenarekiko sentsibilizazioa
Haur eta gazteak ingurumena eta ekologiarekiko sentsibilizatzea, natura-ibilaldien eta hirietara eginiko ateraldien garaian.
Norentzat?
Egonaldiak Ipar Euskal Herrian bizi diren 100 haur eta gazte euskaldunei zuzenduak dira.
· Sei txanda 2018, 2017, 2016 eta 2015 urteetan sorturiko haurrentzat (80 leku)
· Txanda bat 2014, 2013, 2012 et 2011 urteetan sorturiko gazteentzat (20 leku)
Haurrendako txanda
Egonaldi hauek Bonzai elkarteak ditu antolatzen. Azken honek elkarbizitzarendako denbora hartuz eta konfiantzazko giroa lehenetsiz, lurralde bat deskubritzea eta oroitzapen ederrak sortzea ahalbidetzen duten egonaldiak proposatzen ditu.
Hiru helmuga euskara ezberdinki bizitzeko
Gune bakoitzak euskaraz bizitzeko parada paregabea eskainiko dizu, lagun berriak eginez, jolastuz, bazter berriak deskubrituz eta, batez ere, ongi pasatuz!
Egiazko oporrak, euskara mihian!
Bonzairekin, besteekin biziriko mementuek, josteta uneek eta abenturek osatzen dute egonaldi hauen egunerokoa, betiere euskal hizkuntza eta kulturan murgildurik.
Pikatzaenea aterpetxea, Sopuerta
Bizkaia
Iraupena: 7 egun (garraioa barne)
Datak
- txanda: 07/05 - 07/11
- txanda: 07/12 - 07/18
Pikatzaenea baserria ingurune natural zoragarrian aurkitzen da, mendixka, oihan eta bidexkaz inguratuta. Bertan, ongi sentitzen da bat berehala. Jolasteko, inguru berriak esploratzeko eta eguneroko mementuak lagunekin bizitzeko paregabezko parada eskaintzen du, Bizkaiko gune enblematikoak eta bere kultura aberats eta bizia deskubritzeko aukerarekin batera.
Otardi aterpetxea, Asteasu
Gipuzkoa
Iraupena: 7 egun (garraioa barne)
Datak
- txanda : 07/18 - 07/24
- txanda: 07/25 - 07/31
Otardi baserria leku ezin hobea da mugitzea, gauza berriak deskubritzea eta kanpoan egotea maite duten haurrentzat. Pagoeta natura-parke zoragarriaz gain, mendiz inguratua da eta kostaldetik ordu erdi eskasera kokatua. Gune ezin hobea da Gipuzkoako altxorrak eta inguruneak ezagutzeko.
Gorozika aterpetxea, Muxika
Bizkaia
Iraupena: 7 egun (garraioa barne)
Datak
- txanda: 08/01 - 08/07
- txanda: 08/08 - 08/14
Gorozika aterpetxea Urdaibaiko biosfera erreserban kokatua da, Oiz, Arburu eta Bizkargi mendiak ondoan dituelarik. Atsegina da eta taldean lagun arteko mementuak bizitzeko ezin hobea, euskara ahoan, eta euskaran murgildurik. Gernikatik hurbil, Euskal Herriko historia, kultura eta sinbolo enblematikoak ezagutzeko parada izanen da.
Gazteentzako txanda
Egonaldi hau Uda Leku elkarteak du antolatzen. Uda Leku 1983 urtetik euskarazko aisiak proposatzen ditu, bilguneak, opor egonaldiak eta animatzaile izateko formakuntzak antolatuz. Elkartearen helburu nagusia, euskararen erabilpena sustatzea da, herritar heziketaren bitartez.
Lagunak, irriak eta oroitzapenak
10 egunez, Gipuzkoako mendialdean eta itsasbazterrean ibiliko zara. Jokoak, uretako aktibitateak, mendiko abenturak, herritarrekin trukaketak, txapelketak, kooperaziozko jokoak, tokiko aktibitateak, altxor bilaketak, pista jokoak… eta lagunekin lasaitzeko mementuak noski.
Hemen ZU zara eragilea
- egunerokoaren antolaketan parte hartuko duzu
- taldearekin erabakiak hartuko dituzu
- autonomia garatuko duzu
- talde-abentura bat biziko duzu
Euskara, harremanak eta talde-giroa
Egonaldia euskaraz biziko dugu, gure hizkuntzan
Herritarrak ezagutuko ditugu, inguruak deskubrituko eta talde-kohesioa indartuko dugu, elkarrekiko errespetuan, elkartasunean eta herritartasunean oinarrituz.
Beraz goazen gure mintzairarekin esperientzia, harreman eta oroitzapen ahaztezinak sortzera. Azkenean hori baita egonaldi honen helburu garrantziuna!
Datak
2026ko uztailaren 14tik 23ra
10 egun (garraioa barne)
Ulia gazte aterpetxea, Donostia, Gipuzkoa
Mendixka batean kokatua, Donostiara begira, Ulia gazteendako aterpetxea Donostiako hirigunetik eta bere atrakzioetatik 15 minutura aurkitzen da. Bista ederrak eskaintzen ditu eta aterpe lasai eta atsegina da, hiria eta bere inguruak ezagutzeko gune ezin hobea.
Abaraxka aterpetxea, Azkoitia, Gipuzkoa
Naturan barna kokatua, Abaraxka gazteendako aterpea naturako aktibitateak egiteko leku paregabea da. Mendiz inguratua da eta geletatik, terrazetatik eta barneko gune kolektiboetatik bista liluragarriak ageri dira. Azkoitia eta bere inguruak deskubritzeko gune ezin hobea.
Garraioa: Txanda bakoitzarentzat, garraioa (joan-jina) egonaldiaren prezioaren barne da, eta Baionatik abiatzen da.
Informazio bilkura: Informazio bilkura antolatuko da egonaldia baino lehen, egonaldiaren edukiari buruzko xehetasunak emateko eta galdera guziei erantzuteko.